‘Truke App’ kaleratu dute, erakunde sozial eta herri mugimenduentzako sare soziala

MKE kooperatibak online aplikazio berri bat aurkeztu du, Hegoaldeko eta Euskal Autonomi Erkidegoko erakunde eta mugimenduen artean elkarlana eta elkartasuna sustatzeko.

Truke App ‘Zubiak eraikiz’ proiektuko ardatzetako bat da. Proiektu hori MKE kooperatibak bultzatu du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. “Ekimen honekin Hegoaldeko lurraldeetako mugimendu sozial eta herri mugimenduen arteko elkarrikasketa espazioa bultzatu nahi dugu”, dio Josefina Roco Sanfilippok, kooperatibako gizarte eraldaketarako hezkuntza alorreko arduradunak. “MKEk Kolonbia, Honduras, Bolivia, Etiopia, Senegal eta Euskal Autonomi Erkidegoko erakundeekin egiten du lan, baina Truke App edonongo erakundeentzako da”.

Hemen sar daiteke aplikaziora: truke.app (ez da instalatu behar). Bertan, erakundeek elkarren artean ikasi dezakete, loturak sortu eta erresistentzia-ezagutzak eta estrategiak partekatu.

Sare sozial solidarioa

Facebooken atzerako itxura du Truke App-ek: argitalpenak eta iruzkinak idatzi daitezke, ekitaldiak partekatu, inkestak egin… Baina ezberdintasun nabarmena dute. Truke erakunde sozialentzako eta herri mugimenduentzako da soilik.

Espazio segurua da Truke App. Bertan, erakundeek argitalpen pribatuak egin ditzakete (bakarrik erabiltzaileek ikusteko), baita irekiak ere, truke.app webgunean sartzen den edonork ikusteko.

Espazio birtuala sortzearen aldeko apustua “bereziki garrantzitsua da pandemiaren testuinguruan, sistema-krisi batean gaudelako eta kriminalizazio eta zapalkuntza egoera asko gertatzen ari direlako, baita oinarrizko eskubideen urraketa ere”, aipatu du Rocok.

App horrekin batera, badaude proiektua osatzen duten beste elementu batzuk. Esaterako, ‘Zubiak eraikiz’ podcasta eta audio horiekin bat egiten duten bideo labur bilduma bat. Podcast horretan, munduko lurralde anitzetako erakundeek haien esperientziak partekatzen dituzte. “Diskurtso kolektiboa lortu nahi dugu, itxuraz zerikusirik ez duten praktiken artean loturak sortuz, funtsean asko baitute amankomunean”, azaldu du gizarte eraldaketarako hezkuntza alorreko arduradunak. Podcastak 12 atal izango ditu osotara eta hamabost egunero kaleratuko dira. Hemen entzun daiteke lehenengo irratsaioa.

Pardaidetzarako deialdia

Erakunde sozialek edota herri mugimenduek informazio gehiago nahi badute edota erabiltzaile bat sortu nahi badute, honako helbidera idatzi dezakete: epts@mke.eus

Jada egin dituzte hainbat aurkezpen saio Hegoaldeko eta Euskal Autonomi Erkidegoko erakundeekin, baina aplikazioa oso erabilerraza eta intuitiboa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude